Lan eremuan indarkeria matxistaren aurkako konpromiso berriak orain!

Azaroaren 25ean kalera aterako gara lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoak eta neurri zehatzak aldarrikatzera.

Mobilizazioak 11:00etan Gasteizen Eusko Legebiltzarraren aurrean

Euskal langileriari hitzordu horietan parte hartzera dei egiten diogu, lantokietan indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoak ezinbestekoak eta premiazkoak direla ozen adierazteko.

Jarraian irakur daiteke LABek aurtengo azaroaren 25aren harira plazaratutako irakurketa:

Testuinguru ezegonkorra bizi dugu azaroaren 25 honetan, eta, hain zuzen horregatik, indarkeria matxistaren aurkako borrokak lehentasun izaten jarraitu behar du, baita lan eremuan ere. Faxismoaren eta eskuin erreakzionarioaren hedapenak arrisku handiak dakartza emakumeontzat*, eta, borrokaren bidez lortutako eskubideetako bakoitza jokoan dagoen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurrera urratsak eman behar ditugula aldarrikatzea.

Izan ere, lantokietan gertatzen den indarkeria matxista ezkutuan geratzen da askotan, eta emakumeek beti ez dituzte eskura hori prebenitzeko, salaketak egiteko eta babesa jasotzeko behar dituzten tresnak. Dauden mekanismoak ez dira nahikoak, eta hori Euskal Herriko instituzio publikoen erantzukizuna da; besteak beste, Lan Ikuskaritza, Emakunde/INAI, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarena.

Neurri zehatzak eta konpromiso berriak eskatzen ditugu:

  1. Lehenik eta behin, enpresa guztiek sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo eraginkorrak izan eta erregistratu ditzatela, langileek behar besteko informazioa eta prestakuntza jasotzen dutela bermatuz. Horretarako, kontrol eta ikuskapen neurriak indartu behar dira, eta protokolo horiek benetan betetzen direla ziurtatu.
  2. Bestetik, Lan Ikuskaritzan berariazko unitate bat sortzea eskatzen dugu, baliabide eta prestakuntza egokiekin, emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko, aurrez aurre zein telefonoz. Eta, horrekin batera, zerbitzu hori ezagutarazteko kanpaina bat abian jarri behar litzateke, emakume guztiek jakin dezaten nora jo eta zer babes izango duten salaketa bat jartzen dutenean.
  3. Azkenik, lan eremuko indarkeria matxistaren urteko diagnostiko eta jarraipen sistema publiko eta egonkor bat behar dugu, Lan Ikuskaritzaren eta Emakunderen edo INAIren arteko lankidetzarekin, datuak bildu, egoera aztertu eta hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Prebentzioa, babesa eta erantzun eraginkorrak behar ditugu. Indarkeria matxistaren aurkako borroka lan-eremuan ere lehentasuna izan behar da, eta argi eta garbi esan dezakegu gaur egun ez dela nahikoa egiten eta ez dela lehentasuna. Konpromiso berriak behar ditugu.

LABen, sindikalismo feministaren bidez, bide horretan urratsak egten jarraituko dugu, lantokietan egiturazkoa den indarkeria matxistaren kontrako estrategiak garatzen eta instituzioei dagokien ardura har dezaten aldarrikatzen.

Horrekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak egingo dituen mobilizazioetara atxikitzeko deia egiten dugu.