Hego Euskal Herrian 2020tik egindako bosgarren Greba Orokorra eta aurten deitutako bigarrena izanda ere, erantzuna paregabea izan da: azken urteetako jarraipen zabalena izan du Greba Orokor honek eta 200.000 lagun elkartu dira eguerdiko manifestazioetan, eta arratsaldeko manifestazioak ere oso jendetsuak izan dira. Atzokoan sindikatu nagusi guztiek eta etxebizitza eragileek egin zuten grebarako deialdia. Estatuan baino zabalagoa izan da Hego Euskal Herrian egondako erantzuna. Honek zera frogatzen du: deialdia estatuko egun berean egitea eta mobilizazio propioak antolatzea erabaki zuzena izan da. Hemen ere etxebizitza eskubidearen defentsan ari dira maizterrak antolatzen, eta mobilizazioak izan dira. Bestelako etxebizitza politikak garatzeko eskumenak nagusiki Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan daude. Honela, grebak Izan ere, estatu mailan sortutako haserre soziala Euskal Herriko parametroetan bideratzeko aukera izan da eman digu.

Atzoko erantzunak argi uzten du etxebizitza larrialdiaren tamaina, eta baita arazo honek herritarren gehiengo zabala zeharkatzen duela ere. Etxebizitza langileak pobretzeko arrazoi nagusia bilakatu da. LABek langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatzeko borrokatzen du, eta, horregatik, duela bi urte, maizterrak antolatu eta etxebizitza sindikalismoa egiteko erabakia hartu zuen LABek. Erandio, Balmaseda, Tolosa, Donostia, Gasteiz eta Iruñerrian ehunka dira LABek antolatutako maizterrak. Greba Orokorrak bultzada berria eman dio etxebizitza sindikalismoari. Lan eremuan bezala, etxebizitzaren eremuan ere, antolakuntza eta borroka sindikala dira langileen aldeko neurriak lortzeko biderik onena.

Martxoko Greba Orokorrean bezala, atzokoan ere lan duina eta zehazki gutxieneko soldata propioa aldarrikatu dugu. Patronala interpelatzen dugu gutxieneko soldata propioa ezartzeko akordio intersektoriala negoziatu dezan. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatzen ditugu, negoziazio hori ahalbidetu eta gutxieneko soldata arautzeko eskumena aldarrikatu dezaten.

Bestalde, etxebizitzari dagokionez, Greba Orokorrak aldarrikatu dituen hiru eraldaketa handiak aintzat hartzea eskatzen diegu Euskal Herriko instituzioei. Grebaren aurretik iragarritako errondari ekingo dio, gaurtik bertatik hasita, LAB sindikatuak: gaur Hego Euskal Herriko lehen indar munizipalista den EH Bildurekin elkartuko da, udal eremuan nahiz orokorrean eman beharreko aldaketez mintzatzeko; bihar Nafarroako Etxebizitza Sailburu Begoña Alfarorekin batzartuko da, Nafarroako Gobernuak bultzatu beharreko neurrien inguruan aritzeko (besteak beste, LABen antolatu diren Testa/Blacstoneko 500 etxebizitzetako maizterren aldarrikapenez). Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso (PSE), EAJ eta PSNrekin ere bilerak eskatu ditu LABek.

Europako herrialde askotan grebak eta mobilizazioak egiten ari dira langileen pobretzea salatzeko. Nahikoa da txinparta bat langile jendearen haserrea pizteko, dela laurogei urteko emakume baten etxegabetzea Madrilen, dela Parisko kanpoaldean egindako ikasle mobilizazio bat. Euskal Herriko kasua berezia egiten duena askapen nazional eta sozialerako prozesu luze eta sendoa da, baita prozesu horren fruitu eta eragile den antolakuntza-ekosistema ere. Metaforarekin jarraituz, hemengo borroka ez dago txinparta bat edo beste piztearen mende; etengabe elikatutako su bat du oinarrian. Beste herrialde batzuetan (baita Espainiako eta Frantziako estatuetan ere) Internazional Erreakzionarioak agenda baldintzatzen duen bitartean, Euskal Herrian taupada herrikoia indartsu antzematen da. Sindikalismoak, feminismoak edota antirrazismoak lortu nahi dituzten eraldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal badaitezkeela baiezta dezakegu.

Horretarako, lan-harreman eta babes sozialerako esparru propioa garatu beharra dago; burujabetza handiagoa eskuratu, langile jendearen alde egiteko. Estatu bietan egingo diren hauteskundeek zehaztuko dute eszenatokia norabide horretan aurrera egiteko aproposa izango den ala inboluzio mehatxuak geldiaraziko dituen herri harresi antifaxista bat ezartzera behartuko gaituen. Nolanahi ere, birbanaketa-politikak bultzatzea funtsezkoa da eta izango da norberekeriari, antipolitikari eta ultraeskuinari aurre egiteko. Krisi sistemikoaren testuinguruan, Euskal Herrian hobeto bizitzeko alternatiba kolektibo bideragarria egon badagoela erakustea da erronka.