ALBISTEAK


AZKEN ALBISTEAK
Franco hil eta 50 urtera, orduan egin ez ziren aldaketa politiko eta sozialak lortzeko borrokan jarraitzen dugu: Euskal Herriaren aitortza nazionala eta erabakitzeko eskubidea; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua; eta eredu sozioekonomiko feminista eta ekosozialista baterako trantsizioa. Francoren heriotza itxaropenez jaso zuen euskal langileriak. Nazio eta klase bezala zanpatu zituen 40 urteko diktadura pairatu ondoren, euskal langileek lan eta bizi baldintza duinak, askatasun sindikalak eta erabateko demokratizazioa aldarrikatzen zituzten. Alta, elite frankistak diktaduran zehar pilatutako ondasunari eta botereari eusteko “trantsizioa” jarri zuen martxan. Horrela, sindikatuak legeztatu baziren ere, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubideari muzin egin eta oligarkiaren nagusitasuna bermatu zuen trantsizioak. Francok izendatutako Juan Carlos I.a bilakatu zen estatuburu, eta, ondoren, haren seme Felipe II.a. Sindikatu gehienak, ñabardurak ñabardura, trantsizioak ezarritako jokalekura egokitu ziren. Ez zen hori izan LAB jaio berriaren hautua. Sindikalismo soziopolitiko, kontraboterezko eta independentistari eutsi zion LABek. Zorionez, urtetako lanak eta borrokak emaitzak eman ditu. Orduan eman ez ziren aldaketa politiko eta sozialak ematea aldarrikatzen du gaur euskal sindikalismoaren gehiengoak: Euskal Herriaren aitortza nazionala eta erabakitzeko eskubidea; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua; eta eredu sozioekonomiko feminista eta ekosozialista baterako trantsizioa. Horiexek dira gure aldarriak Franco hil eta 50 urtera. Eta orain arte bezala aurrerantzean ere, borroka da aldaketak eragiteko bidea. Dena aldatu nahi dugu, dena aldatzera goaz! [...]
PRENTSA-OHARRAMARTXOAK 3, MANIFESTAZIOAREN IBILBIDEA Joan den otsailaren 17an, deialdia egin zuten ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak prentsaurrekoa eman genuen 2025eko martxoaren 3ko manifestaziorako deia egiteko. Aurten 3M herrikoi bat aldarrikatzen dugu, adin guztietako eta sozialki plurala den jendearen parte-hartze masiboarekin, urtez urte memoria kolektibo aktiboaren ekitaldi honekin bat egiten dutenak. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu omenaldia 18:00etan hasiko dela monolitoaren ondoan eta, 3Mren esanahia berreskuratuz, aurten manifestazioak, 18:30ean abiatuko denak, Katedral Berrian izango du amaiera, 1976ko hileta jendetsua gogoratuz, Gasteiz osoko memoria kolektiboan grabatuta geratu dena. Memoria kolektiboko ariketa horretan, aurtengo ibilbidea desberdina izango da; izan ere, monolitotik manifestazioak Gasteiz hiribidea, 1976an Generalisimo Hiribidea izena zuena, zeharkatuko du, Katedral Berriak duela 49 urteko hileta harengatik esanahi bat duen bezala, aipatutako Hiribidea egun hartako errepresioaren lekuko izan zen: goizetik Polizia Armatuak gogor kargatu zuen inguru horretan, jendea kolpatuz eta tiroka, oinezkoen kontra eta baita, besteak beste, Mevosako (antzinako Mercedes) langileen kontra, batzar batera joatea baino ez zutenean egiten. Horregatik, ibilbidean zehar, 1976an gertatutakoaren lekukotzak eta “De la huelga a la Matanza” eta “Informe Vitoria” -Poliziaren sarraskiaren salaketa idatzita utzi zuten lehen lanetako bi- liburuen laburpenak entzungo dira. Martxoaren 3ko memoriak borrokarako eta aldarrikapenerako gune bat merezi du, non mobilizazio masiboa funtsezkoa izango den. Hori dela eta, deialdia egin dugun erakundeok “zaintza zerbitzu” bat ezarriko dugu, hamarnaka pertsonez osatuta, parte-hartzaileek modu seguruan manifestatzeko aukera izan dezaten. Halaber, lehen laguntza juridikoa emateko aukera eskainiko dugu, atxiloketen kasuan pertsonek dituzten eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko. FAXISMOAREN AURREAN ANTOLATU ESKUBIDE SOZIALAK BORROKATU [...]